XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

JAI EUSKARARI

BAI EUSKARARI bukaera emateko, dakikezuenez, jaialdi bikain bat ospatu zen, joan den larunbat gauez.

Eta hara abiatu ginen kasik 45.000 pertsona, ogibitarte, zahato eta guztiz horniturik.

Ez ginen gutti San Mames Futbol zelaia, ez litzateela beteko pentsatu genuenok, baina erantzuna, izugarria eman zuen herriak.

Izan ere, atezainek zioskutenez, jokaldi handietan bezalakotsu jendetza etorri baitzen jaialdira.

Nahiz eta hasteko ordua zazpiak izan, kasik oren bat, oren bat beranduago hasi zen superjaialdia.

Hasi baino lehen globoz loturiko ikurrin izugarri bat eta geroxeago BAI EUSKARARI kamisetez jantzirik zihoazen neska mutil batzuk neurri handitako ikurrin bat pasatu zuten, jende guztiaren txaloak bilduz.

Jose Mari Iriondo euskaldun aurkezlaria, jaialdiaren bi helburuetaz aritu zitzaigun, alde batetik, BAI EUSKARARI kanpainaren bukaera gisa diru aldetiko suposatzen duen diru laguntzagatik.

Bestalde, herriaren kontzientzia piztea izango litzateke bigarren helburua.

Kanpainan ihardun duten guztiei eskerrak eman zizkien, eta Telesfororen abestia aipatu zuenean, txalo ugari bildu zituen.

Ondoren Villasantek eta J. L. Davantek berba egin ziguten kanpainaren esanguraz.

Villasantek, euskararen garrantzia azpimarkatu ondoren, herriaren erantzuna ikusirik Euskaltzaindiak ekintza egitarau bat eratuko lukeela esanez bukatu zuen berbaldia.

Davantek frantzeseraz eta euskaraz hitz egin zigun.

Nafarroa eta Ipar Euskal Herriaren euskaltasuna goratuz, Detxepareren zenbait bertso aipatu zuen.

Euskal literaturaren urrezko haroaz oroitzean, alemanerak eta ingelesak segitu duen prozesoa azaldu zuen, eta honekin batera, euskarak Estatu batekiko ukan ez zituen loturek egin izango liguketen onuraz aritu zitzaigun.

Konstituzio frantzesa eta alderdi politikoak salatu zituen euskarari buruz egiten duten tratu eskasengatik.

Bere hitzak, gora Euskara eta gora Euskal Herri subiranua oihukaturik burutu zituen.

Giroa jadanik bero eta alai bazegoen ere, Arratiako trikitrilariek aunitz gehiago animatu zuten jendea.

Segidan Amuritza eta Lopategi plazaratu ziren.

Gogoragarriak, adibidez, Amuritzak San Mames zelai honetan, Madrilgo porterian sartu behar dugun golaz egindako bertsuak.

Gasteizko dultzaineroek jo zutenean nabarmendu zen jendearen espazio beharra, zeren musika, dantza egiteko aproposa zen.

Txalogarria bestaldetik beste herrietatik iritsi zitzaizkigun agiriak, alegia FNC, ANPG, Eritreako FLP, IRA PROBISIONALA, eta NOSA TERRA Galiziar aldizkaria.

Ondoren Gorka Knorrek kantatu zuen; Galdakaoko Andra Mari taldekoek, Nafarroako dantza eder eta barregarriak eskaini zizkigutelarik.

Hamabietan, bonba lehertuko zela...